lundi 4 avril 2022

Kemper

 Kemper


Asteburuko zeru urdinak atzean utzita, lainopean elkartu gara gaur Ar Releg-eko eskolan. Ikasleek asteburua euren familia bretoiekin pasa dutenez, kontu asko zituzten elkarri kontatzeko elkartu garenean, eta horretan aritu dira autobusera igo bitartean. 


9:15ean Kemper herrira abiatu gara autobusean. Aparkatu, eta zuzenean biscuiterie (gaileta denda) dotore bat bisitatu dugu, gozoez gain mota guztietako souvenirrak saltzen zituena. Bertan, gozo bretoi batzuk dastatzeko aukera izan dugu. 


Biscuiterietik irtetean, paseo bat emanez hurbildu gara hirigunera. Katedralera hurbildu ahala, kolore desberdinetako zurez apaindutako etxeak agertzen hasi dira, hiriaren erdigunean geundela iragarriz. Mugikorrak atera eta argazkiak egiten hasi dira ikasleak, benetan polita baita erdigunea. 

Konturatzerako eguerdia gainean genuen, eta denbora librea izan dute







etxetik ekarritakoa bazkaltzeko.

Ordu bietan, Kemperreko katedralera sartu gara eta ariketa gisa katedraleko 5 osagai aurkitu behar izan dituzte gure gazteek (lana jarri diegun arren, ez dira gehiegi kexatu; izan ere, kanpoan haize fina zebilen eta pozik geunden denok elizaren barruko goxotasunean). Handik irtetean ordu bete izan dute kalean 10 pertsonari galderak eginez inkesta soziolinguistiko bat betetzeko eta, era horretan, bretoiaren egoera ezagutzeko. Tolosara itzultzean ikusiko dugu ea zer ondorio atera dituzten. 


16:15ean autobusean ginen denok, kolegiora bidean. Ostegunean bezalaxe, etxeak urrun zituztenak kolegioan bertan geratu dira eta gainerakoak truke-lagunaren etxera joan dira gaua pasatzera.


Noz vat !

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire

Merci !