vendredi 1 avril 2022

Heldu gara!

Kaixo, irakurle:

Bretainian gara dagoeneko!
Egunak argitu aurretik hasi gara motxilak eta maletak autobusean sartzen, eta ordu erdiko tartean abiatzeko prest ginen. Ikasleen ilusioa ikusi, entzun eta ukitu egin zitekeen, goizeko ordu txikietako logurarekin nahastuta. Muga zeharkatzeko tentsio puntutxo bat bagenuen, irakasleok batik bat, baina gidari lanak egin dizkigun Txus-ek pare bat hitz esan dizkio gendarmeari, eta "Sésame, ouvre-toi"; Frantzian sartu gara inongo arazorik gabe. Muga pasa ahala hasi dira goizeko lehen orduko eguzki-printzak laino artetik agertzen. Mugaren beste aldean gendarmeekin berriz egin dugu topo. Geldiarazi bai, baina eskolako gazteak ginela ikusita, aurrera jarraitzeko esan digute, eta jai eman diote autobusean sartzeko prest zegoen txakurrari. Bordel inguruan egin dugu lehenengo geldialdia. Txus bertan geratu da, eta Abrahami eman dio lekukoa; Abraham izango da aste osoan gure chauffeur ofiziala.
Bidaia arintzeko musika jarri dugu, abesti fransesak, belarria prestatzen hasteko.
Gero, Oihanak ukelelea hartu du eta emanaldi zoragarria eman digu eguerdian.
18:45ean iritsi gara Ar Releg-Kerhuon herriko Diwan eskolara. Ikasle euskaldunak eta bretainiarrak parez pare zeuden bat-batean, euren truke-laguna lehenengoz ikusi dute eta urduritasuna alde guztietatik atera zaigu, emozioez gainezka zegoen giroa. Hunkigarria izan da. Ikasle batzuk kolegioan geratu dira lotan, besteak euren truke-lagunaren etxeetara joan dira, berriz.
Bihar, apirilari ateak zabaltzearekin batera, Bretainiako lurretan murgilduko gara, Lesneven herrian, hain zuzen.
Noz vat ! 

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire

Merci !